XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goizeko zortziak eta erdiak alderako, ranger-en pelotoi bik arroila hartu zuten. Izan ere, gerrillariak bertan barneratzen ikusi zituela gaztigatu zien Pedro Peña baserritarrak.

Chek, berriz, arroilaren muturreraino eraman zituen gainontzeko borrokalariak, bertan gauari itxaroteko. Iluntasuna lagun, haitzetan gora igo eta handik ihes egiteko modua izan zezaketela uste zuen. Ez zen horrela izan. Goizeko hamaikak eta erdiak aldera soldadu batek guardia egiten zegoen Aniceto gerrillaria begiztatu eta hil egin zuen.

Horren ostean hasitako tiroketak hiru ordu iraun zuen gutxi gorabehera. Eguerdiko ordu biak aldera txartoen zeudenei erretiratzeko agindu zien Chek, berak gainontzeko lagunekin ranger-ei aurre egiten zien bitartean. Dozena bat inguru gerrillari ziren ehun ranger-en kontra. Ez da zaila zer gertatu zen asmatzea. Guri dagokigunean, tiroketan Che zauritu egin zutela nabarmendu behar. Hortik aurrera bere atxiloketaren inguruko bertsio ilun eta lausoak datoz.